bannerra 1

bannerra 1

2017/05/30

DISEINUAREN OINARRIAK


Diseinua kontzeptu zabala bezain zehatza da. Edozer proiektu, egitasmo zein objektu diseina dezakegu. Pentsatu eta erabakitzeko prozesuari “diseinatzea” deritzogu. Historikoki, prozesu industrialean gauza daitekeen egitasmo edo objektu industriala da. Diseinatu ondoren objektua ekoizten da, diseinu-objektuaren ezaugarriak finkoak direla bermatuz.
Diseinu alorrean atal ezberdinak jorratzen dira: Diseinu grafikoa eta digitala, Diseinu industriala eta Barne diseinua.

Diseinu grafikoan logotipoak, katalogoak, kartelak eta kamisetak diseinatzen eta lantzen dira. Diseinu digitalean, hau guztia landuz gain, webdiseinua ere sartzen da: web orrien diseinua eta hauen barnean sor daitezkeen diseinu mota guztiak, irudi eta konposizioak zein diseinu animatuak.

Diseinu grafikoan fondoa, irudiak eta hizkiak lantzen dira, kontuan izanik: ideia, zer eta nola kontatu, hizkuntza plastikoa, teknika plastikoak, publizitate kanpainaren izaera, euskarri digitalak ala ez, tipografiak, koloreak, sormena, eta abar.

Diseinua planifikatzen hasteko, zein euskarritan inplementatuko dugun, zenbat denboran zehar, zenbateko intentsitate eta maiztasunarekin publikatuko dugun eta komunikazioaren hartzailea zein izango den definituko dugu. Ez da berdina izango adin handiko publikoa ala publiko gaztea, kultura digitala( mugikorra eta abar.), kontsumorako ahalmena, kontsumorako kultura, hiri kultura edo nekazal kultura,....Diseinua eta publizitatea loturik izanda, gizarte alorreko faktore asko kontuan izango dira, zientzia zehatza ez bada ere.



2017/05/22

BLENDER ETA ANIMAZIOA: ZINEMA 3D



BLENDER 3D diseinu eta animaziorako software libre zoragarri eta indartsuarekin eginiko lana da honako animazio laburra. “Teaser” delakoa da, hots, produkzio luzeagoa izango denaren zatia aurkezten dute, publizitaterako marketing gisa. Informazioa piziadas.com webgunean aurkitu dut. Blender Fundazioak bultzaturiko proiektua da eta Agent 327, Martin Lodewijk-en komikian oinarriturik dago.





Blender erabiltzen dugu Plastika arloan, animazioak eta 3D munduko gauzak sortzeko. Software librea da eta oso ahaltsua. Hurrengo ikasturterako 3DBH mailan, 3D ANIMAZIOA eta BIDEO JOKOAK hautazkoa eskainiko dugu, ea taldea sortzen den.

2017/05/11

3DBH HAUTAZKOAK 17-18 IKASTURTERAKO

3DBH mailan Lauaizeta ikastetxean Plastika mintegitik 2 hautazko eskainiko dira 17-18 ikasturterako. Ikasleen nahiak, motibazioak eta Plastika eta Ikusizkoen programazioa kontuan izanik, DISEINUA eta ANIMAZIOA-BIDEO JOKOAK jorratuko ditugu.


Diseinuan, irudien sormena, edizioa eta muntaketa digitala egingo dugu, irudigintza analogikoa eta, batez ere, irudigintza digitala landuz. Ikaslearen sormena, talde lanerako jarrera, autonomia eta ardura landuko ditugu. Hauekin batera, kolorearen teoriaren aplikazioak landuko dira, hizkuntza plastikoak, testurak, konposizioa eta adierazpena. Baita ere: kartelgintza, katalogoak, objektuak, espazioak, logotipoak,..

Lauaizetan urteak daramatzagu software librea erabiliz eta eskerrak luzatu nahi dizkiogu hemendik software librea garatzen eta zabaltzen duen komunitateari. Diseinua lantzerakoan #Linux #Ubuntu izango da sistema eragilea eta irudien bit mapak eta #Gif animatuak lantzeko #Gimp irudi-editorea. Irudi bektorialak lantzeko eta maketazioak egiteko #Inkscape. Testuak prestatzeko #Libreoffice. Marrazketa teknikorako #Librecad. Objektuak 3D moduan diseinatzeko eta espazioak diseinatzeko #Blender. Bideoak #Openshot programarekin editatuko ditugu eta audioa #Audacityrekin. Programa geihago ere erabiliko ditugu, baina hauek dira garrantzitsuenak.

Animazio-Bideo Jokoak hautazko berria da. Bertan landutako gaitasunak eta prozedurak Plastika ikasgaian landu izan ditugu, eta balorazio positiboa egin ondoren, hautazkoan buru-belarri lantzeko eskaintza luzatu nahi dugu.
Animazioa eta bideo jokoak erlazionaturik daude arlo askotan. Gure kasuan Bideo jokoak atalean JOKOAK sortuko ditugu, animazioa ezinbestekoa izanik. Animazio atalean, animazioek kutsu artistikoa izan behar dute, ANIMAZIOA bere baitan izango da helburua.
Software librea erabiliko dugu Bideo Jokoa sortzeko eta muga bakarrak irudimena, lan kopurua eta ordenagailuen indarra izango dira.

2D moduan #Scratch programa ezaguna erabiliko dugu bideo jokoa sortzeko eta ikasleak plastikako atal hauek landuko ditu: pertsonaien marrazkiak, eszenak, objektuak eta abar. #Gimp eta #inkscape erabiliz, 2D animazioak sortuko ditugu #istorioak kontatzeko, #GIF artxibo moduan.

3D moduan #Blender erabiliko dugu animazio eta bideo jokoak sortzeko. Eszenen sorrera, mendiak, sua, haizea, leherketak, grabitate indarra, marruskadura, argiztapena, pertsonaien mugimenduak, abiadura aldaketa,...Blender programarekin batera, bideo jokoak egiteko beste moduak ikertuko ditugu: Unity 3D, PS, Unreal, eta abar, bai PC ordenagailuetan zein android mugikorretan aplikatzeko.